Munduko Medikuak elkarteak HIESa antzemateko egiten dituen proba azkarrak, jardunbide on gisa hautatu ditu OMEk

Proba azkarren programa jaso du OMEk, HIESa antzemateko bere gomendioen artean, eta jardunbide onen adibide gisa aipatu ditu. Ohar horiekin, OMEk bilatzen du HIES proba ahalik eta gehien zabaltzea, jende gehiago kutsatzea ekiditeko eta seropositiboen osasuna zaintzeko.

Munduko Medikuak elkarteak, bere aldetik, 2008 eta 2015 artean garatu du ekimen hori Espainiako 16 hiritan (Bilbo barne), eta argi geratu da HIESa antzemateko proba azkarren ohiko programen osagarri egokia dela.

Programa prostituzioan ari direnei, droga-mendekotasuna pairatzen dutenei eta egoera irregularrean dauden etorkinei zuzendu zaie. 72 kasu berri antzeman dira test horiei esker. Horietatik, ia % 60 gizonezkoak izan dira; % 33 emakumeak; eta % 7 transexualak. Osasun Ministerioaren datuen arabera, HIESak kutsatutako 130.000-160.000 pertsona bizi dira Espainian, eta horietatik % 25-30 diagnostikatu gabe daude. Gauzak horrela, oso garrantzitsua da diagnosi goiztiarra egitea, bereziki gizarte-sektore kalteberetan. Eta horretan laguntzen du programa honek.

Osasun-erreforma, IHESaren prebentziorako traba

Osasun arloko 2012ko erreformak, egoera irregularrean dauden hainbat etorkin utzi ditu arretarik eta HIESaren aurkako botikak jasotzeko eskubiderik gabe, eta horrek osasun-ondorio latzak eragin dizkie. Baina etorkin  horien osasunari ez: gizarte osoaren osasunari eragin diote neurri horiek. Izan ere, frogatuta dago HIESak kutsatuta dauden guztiek tratamendua jasotzeak ekidin egiten duela birusa zabaltzea, eta hori da, hain zuzen ere, izurrite horrekin amaitzeko gakoetako bat.

Autonomia erkidego gehienak HIESa eta bestelako gaixotasun kroniko kutsakorrak dituzten gaixoak artatzearen alde agertu dira, baina pertsona horiek traba ugari dituzte, oraindik ere, osasun sistema publikoaren arreta jasotzeko, are gehiago legedi berriak jasotako disuasio-neurriak tarteko direnean.

 Estatu-ituna, behar-beharrezkoa

Munduko Medikuak elkartea Estatuko GIB/IHESa Koordinadorako kide da (CESIDA), eta ezinbestekoa ikusten du estatu-ituna egitea, IHESari eta gaixotasun horrek eragindako bazterkeriari aurre egiteko. Elkarteak faltan botatzen du ere gaur egun babes-kanpainarik ez egotea. Itun horretako kide izango lirateke Gobernu Zentrala, autonomia erkidegoetako gobernuak, alderdi politikoak, sindikatuak, enpresarien ordezkariak, GKEak eta unibertsitateak. Eragile horiek guztiek elkarrekin sustatuko lituzkete HIESari erantzuteko politikak eta gaitzak kutsatutako pertsonak lan-munduan txertatzeko prozesuak. Ezinbestekotzat jotzen dugu prebentziora, ikerketara, tratamenduetara eta gizartea sentiberatzera bideratutako inbertsioa eta baliabideak ugaritzea.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *