Besarkadak, elkar ulermeneko besarkadak

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 13. artikuluan xedatzen denez, “pertsona orok du joan eta etorri aske ibiltzeko eskubidea eta Estatu baten lurraldean bizilekua aukeratzekoa”. Kontzeptu horretan oinarrituta sortu zen Besarkadak ekimena, Emaus Gizarte Fundazioaren eskutik eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.

Harresiak Apurtuz

Erakundearen asmoa da lurraldean gero eta handiagoa den aniztasunari ikusgarritasuna ematea eta pertsona orok dituen gaitasunen garrantzia azpimarratzea. Besarkadak proiektuak kulturen arteko elkartrukea egiteko espazioak errazten ditu, gaitasun, ezagutza eta esperientziak partekatzeko eta, aldi berean, harreman sozial berriak sortzen laguntzeko. Emausekoek diotenez, «truke-ekosistema txiki bat da, aldaketa handiak eragin ditzakeena».

Hiritartasun Unibertsalerako pasaportea

Gaitasunak elkartrukatzeko espazio hauetatik harago, Besarkadak proiektuaren esparruan dagoeneko sortu da Hiritartasun Unibertsalerako Pasaporte izenaz ezagutzen dena. Dokumentu pedagogiko eta politikoa da, pertsonen joan-etorri eta bizileku askeak irudikatzen dituena.  Pertsona batzuen joan-etorriak egiteko askatasun falta salatzea du helburu, baita lehen aipatutako 13. artikulua bete dadin aldarrikatzea ere.

Hiritartasun Unibertsalerako Erakundeak, pertsonen joan-etorri askea sustatzen duen nazioarteko elkarteak, ekitaldia burutu zuen iragan urrian Donostiako Tabakaleran, pertsona migratzaileekin eta Giza Eskubideen defentsan diharduten erakundeekin, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen eskubideen defentsan lan egiten duten pertsona eta erakundeen ibilbidearen aitortza egite aldera. Harresiak Apurtuz erakundeak dagoeneko badu berea.

Ohiko pasaportearen antzeko itxura izanik, honi ere jar dakizkioke zigiluak. Kasu honetan, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen parte-hartzea duten erakunde, zerbitzu edo programek zigilatzen dute. Espero dugu etorkizunean ikur hori lagungarri izango dela pertsona migratzaileen bizitza sozialeko integrazioa egiaztatzerako orduan.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *