Kulturarenganako maitasuna eta zailtasunak dituztenenganako elkartasuna: horixe da Libu Liburutegia

Libu Liburutegia

Abenduan jarri da abian Zubietxe Elkartearen azken proiektu solidarioa. LIBU izena du. LIBUn bigarren eskuko liburuak saltzen ditugu. Toki polita da gurea, bizi-bizia. Giro atsegina aurkituko duzu bertan.

Zein da gure helburua? Betikoa: gizarteratzearen alde egitea. Zubietxe irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Laguntza eskaintzen die gizarte-bazterkeria pairatzen dutenei, 1993tik.

LIBUrekin proiektu jasangarria sortzen ahaleginduko gara, bi xederekin: etorkizunean lana eman ahal izatea gizarte-bazterkeria egoeran bizi direnei; eta pertsona horientzako sortzen ditugun programa guztiak finantzatzea. Horretarako, kulturaganako pasioa eta zailtasunak dituztenenganako konpromisoa uztartu nahi izan ditugu, hau da, gehien atsegin duguna eta izateko gure arrazoia lotu nahi izan ditugu.

Liburu zoragarriak ditugu, prezio txiki-txikietan: jende eta poltsiko ororentzako liburuak. Gainera, tailer eta jarduera mordoa eskaintzen dugu, liburutegia artez eta umore onez betetzeko. Gure egitarauaren berri ematen joango gara, sare sozialen bidez.

Liburu ugari eman dizkigute dohaintzan LIBU proiektuan lagundu nahi izan duten pertsona askok. Liburu horiek, orain, bizi berria dute aurrean, abentura berriak zain. Bilboko Zazpi Kaleetan hasiko dute ibilbide berria, Arategizar  kaleko 7an. Batek daki noren eskuetan amaituko duten! Gauza bat badakigu, ordea: guztiontzako tokia izango duen gizartea eraikitzen lagunduko dutela. Horretan saiatuko gara, behintzat. Joan den abenduaren 10ean ireki genituen ateak, eta irrikan gaude zuen bisita jasotzeko.

libu.es
Twitter: @LIBUBilbao
Zubietxe.org

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *