Bizitegi Elkartea: Etxegabe Eskubidedun Kanpaina eta Homeless Film Festival

Bizitegi Elkartea

Helburua da biztanleak errealitate honen inguruan sentsibilizatzea: pertsona horien egoeraz kontziente izan gaitezen; ikusteaz gain, beste begirada batez begiratu diezaiegun, egoeraren gaineko judizio moralik gabe, errudun egin gabe, eta geure burua ere errudun egin gabe. Baina, kontziente izan behar dugu gure gizartearen bazterretan geratzen diren pertsona horiek tresnak behar dituztela gizartean txertatzen laguntzeko.

Kanpainaren elementu nagusia argazki erakusketa da. Argazkien egile den Txema Serranorekin lankidetzan aritu gara. Txemak denbora luzea darama errealitate horri hurbiletik begiratzen. Haren lana ez dute egoera edo lekuen argazki isolatuek osatzen; hurbilketa pertsonalaren prozesu baten emaitza dira eta, horregatik, pertsona baten historia transmititzeko indarra dauka argazki bakoitzak.

Erakusketaz gain, aldi berean, publizitate ekologikoko ekintza berritzaile bat burutu zen kalean. Ekintza horren bitartez, biztanleei deia luzatu nahi zaie kaleetatik, pertsona horiek hartzen dituzten kaleak euren bozgorailu ere izan daitezen. Bilbotik ibiltzen diren herritarrek etxerik gabeko pertsonek helarazi nahi izan dituzten esaldiak irakurri ahal izan dituzte kaleetan, hala nola: kalean bizitzea ez da nire aukera izan; oso gogorra da kalean bizitzea; etxerik gabe ez dago eskubiderik; konponketa-bideak nahi ditugu, ez soilik eskubideak; edo etxerik gabe nago, ikusgai gaude. 

 

Homeless Film Festival jaialdia Bilbora heldu da, Otxarkoaga auzora hain zuzen, Bizitegiren eskutik. Azpimarratzekoa da jaialdi honek, 2011. urtean Manchesterren (Erresuma Batua) ibilbidea hasi zuenak, zine industria erabiltzen duela etxerik gabeko pertsonen errealitatea ikusarazteko.  Bizitegiren helburua da, jaialdi honekin, gizarte bazterkeria egoeran bizi diren pertsonen errealitatearen gaineko ezagutza eta eztabaida sustatzea, betiere zine eta antzerkiaren bitartez.  Proiektuaren balio erantsi gisa, sentsibilizazio-eragileak bazterkeria egoeran dauden pertsonak beraiek dira, protagonista rola hartuta, euren trebetasunak erakutsi eta kolektibo horien inguruko aurreiritziak ezabatze aldera.

www.sintechoconderechos.org webgunean kanpainaren edukiak jasotzen dira, eta herritarren partaidetza sustatzeko tresna gisa eskaintzen da, sare sozialetako elkarreraginaren eta argazki zein iruzkinen elkartrukearen bitartez. Azken finean, kanpaina hau aberasteko bidea da webgunea, esan dugunez, asmoa baita elkarrekin bizitzeko espazioak sortzea, zubiak eraikitzea eta etxerik gabeko pertsonekin solidario, orekatu eta konprometituagoak izango diren herritarrak lortzea.

Aipatutako ekimenak sustatzeko lanetan aritu dira Bilboko Udala, Metro Bilbao eta Prosegur. Eta kanpainarekin bat egin dute Boluntak, Bilbao Basketek, Athletic Fundazioak, Deustuko Unibertsitateak eta FAS ZineKlubak. Laburbilduz, herritar aktiboak sortzera bideratutako ekimen anitza da hau.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *