Berdintasun politikoa: aldaketarako beharra

Gaur egun bizi dugun testuinguru politiko, sozial eta ekonomikoa, kapitala pertsonen aurretik jartzen duen Europar Batasunaren ondorio da, neurri handi batean. Immigrazioa ikuspuntu ekonomizistatik baino ez da aztertzen, alde batera utzita zein diren immigrazio hori eragiten duten arrazoiak.

 Harresiak Apurtuz

Harresiak Apurtuz-etik, aurrekoetan egin bezalaxe, abenduaren 20ko hauteskundeei begira zera eskatu nahi dugu: pertsona guztiek izan dezatela beren eskubideak egikaritzeko aukera, pertsona horien jatorria edozein dela ere. Ez dugu ahaztu behar herritarrok dugula aldaketarako giltza, guri dagokigula aldarrikatzea pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen eredu politikoa. Eremu politikoan erabakitzen baitira Atzerritartasunaren Lege Organikoa, botoa emateko eskubidea eta horien pareko politika erabakigarriak. Politika horiek dira gizartean ezberdinkeria sortu eta bidezko egiten dutenak, eta gizartearen parte handi bat, gaur egun, politika horiek pairatzen ari da.

Horregatik, bada, pertsona guztiei herritartasun osoa aitortzeko bidean aurrerapausoak emateko eskatu dugu berriro ere, edonork botoa emateko eta hautagai izateko eskubidea aldarrikatu dugu. Uste dugulako berdintasun politikoa ezinbestekoa dela benetako gizarteratzea sustatzeko. Argi daukagulako atzerritarrek parte hartu behar dutela erabaki politikoetan, eta gizartearen etorkizunean presente egon behar dutela.

Benetako gizarte-kohesioa

Gizarte irekia, bidezkoa, barneratzailea, bidezkoa, anitza, kultura-artekoa, parte-hartzailea eta solidarioa nahi dugu. Gizarteratzeak izan behar du legealdi berriaren lehentasunetako bat, eta herritar guztiei babes sozial egoki eta nahikoa bermatzeko tresna guztiak sustatu behar dira. Izan ere, babes soziala beharrezkoa dugu, benetako gizarte-kohesioa lortuko badugu.

Agintariek, beren aldetik, gizarte barneratzaileagoa sustatzeko lan egin behar dute: begirunea, berdintasuna, elkartasuna eta parte-hartzea bezalako baloreak sustatu eta zabaldu behar dituzte. Beren esku dituzten baliabide guztiak erabili behar dituzte jarrera eta portaera baztertzaileak, arrazistak edota beste pertsona zein gizarte-taldeenganako gorrotoa sustatzen dituzten portaerak ekiditeko. Eremu horretara baliabide gehiago bideratzeak izan behar du datozen lau urteotarako lehentasunetako bat, horren bidez aniztasuna kudeatzeko eta elkarbizitza arduratsua bultzatzeko.

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *