Pertsona guztiak, eskubide guztiak

Otsailaren 27a, martxoaren 21a, ekainaren 20a … data garrantzitsuak dira Harresiak Apurtuz erakundearentzat, baita gizarte anitz, kultura-arteko, ireki eta bidezkoagoa eraikitzeko konpromisoa duten gizarte erakunde, kolektibo eta pertsona guztientzat ere. Bestelako gizarte bat posible dela sinesten dugu, bete betean. Pertsona migratzaile eta iheslariak funtsezkoak dira gizartean, eta berau osatzen duten gainontzeko pertsonen errespetu bera eta oinarrizko eskubideen aitortza merezi dute gobernatzaileengandik.

Harresiak Apurtuz

Migratzaile eta errefuxiatuen eskubideen aldeko Europako Martxa egin zen otsailaren 27an, eta Harresiak Apurtuz elkartea kalean izan zen egoera salatzeko, ezinbestekoa baita aldarrikatzea milaka pertsonak bizi duten egoeraren aurrean berehala, elkartasunez eta erantzukizunez ez jarduteak gizadiaren eta gizatasunaren kolapsoa eragiten duela.
Ia hilabete beranduago, egutegian gorriz markatutako datan, martxoaren 21ean alegia, Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatu zen. Egun horretan ere, urtero legez, SOS Arrazakeriak elkarteak antolatu ohi duen manifestazioaren deialdiarekin bat egin genuen eta kalera irten ginen berriro, migratzaile eta iheslariak pairatzen ari diren eskubide galeraren kontrako jarrera irmoa erakusteko. Izan ere, ezartzen ari diren legeen bidez, integrazioa, diskriminazio eza eta gaitasunen garapen osoa sustatzetik urrun, pertsona horien duintasunaren eta oinarrizko Giza Eskubideen kontra egiten ari baitira herrialdeak.

Beste zita garrantzitsu bat izango da ekainaren 20a, Errefuxiatuen Mundu Mailako Eguna. Horren harira, nabarmendu beharra dago joan den martxoaren 7an Europar Batasunaren eta Turkiaren artean sinatutako akordioak eta antzekoek Estatu kideek berretsitako nazioarte zein Europako itun eta hitzarmenen urraketa nabarmena dakartela eta Europar Batasunaren beraren balio funtzionalak kolokan jartzen dituztela. Martxoaren 16an, gizarte erakundeek itunaren kontrako kontzentrazioak antolatu zituzten Europako zenbait hiritan. Zentzu horretan, Harresiak Apurtuzek, bere aldetik, bat egin zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak herri-plataformak Bilbon deitutako mobilizazioarekin, hitzarmen horren kontrako jarrera aho batez adierazteko.

Izan ere, Europak izan beharko lukeen askatasun, segurtasun eta justizia espazioaren kontra, segurtasun eta aukera berrien bila jatorri-herrietatik ihesi doazen milaka pertsonari mina eta heriotza eragiten dizkien migrazio eta asilo politikak jasaten ari gara. Gauzak horrela, Giza Eskubideen errespetu arduratsua eta Europar Batasunaren oinarri diren balioak berreskuratzeko beharra aldarrikatzen du Harresiak Apurtuz erakundeak. Pertsona migratzaileen ikuspegi instrumentala gaindituko duten migrazio eta asilo politikak garatu behar dira, asilo eskubidea bermatuko dutenak (Europan sartzeko bide seguru eta legalak eskainiz) eta migratzaile zein iheslarien integrazio osoa sustatuko dutenak (horien eskubideak erabat aitortuz).

Gaur ere, mundu, Europa, Estatu zein EAE mailan xenofobia eta arrazakeria mugarik gabe sustatzen duten diskurtso politikoak topatzen ditugu edonon. Diskurtso horiek, mesfidantza sustatzen dutela jakinda ere, ez dute kondenarik jasotzen eta bizikidetza zailtzen dute, baita etika ororen kontra egin ere. Herritarrak kontzientziatzera eta eragile publikoen erabilera arrazista eta xenofoboa salatzera bideratutako etika publikoaren sustapena aldarrikatu beharra dago.

Laburbilduz, Harresiak Apurtuz koordinakundeak Euskadi anitzaren aldeko apustua egiten du, non pertsona oro bere eskubideen jabe izango den eta immigrazio gaietako politika publikoak garatuko diren, unean-unean diren beharrizanei erantzun ahal izateko; ezin baita bizikidetzaz mintzatu hartarako prestatutako mekanismorik gabe.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *