Gizarteratzea: kontzeptu hutsala

Migrazioei eta kultura-arteko harremanei buruzko azterlanek gizarteratzearen definizio tradizionala berreskuratzen ari badira ere, gero eta gehiago desitxuratzen ari da kontzeptuaren definizioa, gero eta aldenduago dago jatorrian zuen zentzutik.  Ondorioz:

  • Gizarteratzea ez da iraganean bezala ulertzen. Orain, zerbait dinamiko eta endogenoa baino, fenomeno exogenoa dela jotzen da.
  • Eta, are deigarriagoa dena, gizarteratzea etorkinen arazoa dela uste da, ez gizarte osoarena.
  • Immigrazioa jasotzen duen gizarte hori, bestalde, talde trinko eta homogeneoa bailitzan aurkezten da, eta irudikatzen da etorkinek talde horren egonkortasuna asaldatu dezaketela. Egote hutsagatik, espero da norbanakoek heterogeneotasun soziokulturala ekartzea gizarte jasotzaile horri. Heterogeneotasun horrek, baina, etorkinak gizarteratzea ekidin dezakeen gatazka-iturri izateaz gain, gizartearen funtzionamendu orokorrari ere eragin diezaioke.

Eta heldu berriei bota ohi zaie ustezko bateraezintasun soziokultural horren errua. Horrekin batera, prestakuntza-maila baxua eta lan-eskarmentu txikia izatea ere aurpegiratu ohi zaie. Deigarria da, ordea, adierazpen baztertzaile horiek herrialde pobreenetatik etorritakoei zuzentzen zaizkiela sarri: Afrikatik, Latinoamerikatik, Ekialdeko Europatik etorritakoei. Horrek guztiak zaildu egiten du pertsona horiek parte hartzea heldu berri diren toki horretako komunitatean, hirian, herrialdean. Era berean, agerian uzten dute gizarte-egituran errotuta dagoen bazterkeria.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *