Harresiak Apurtuz, Euskal Hezkuntza Sistemara sartzeko aukera inklusibo baten alde

Seiehun gazte baino gehiago geratu dira euskal hezkuntza-sistematik kanpo 2018-2019 ikasturtean

Hezkuntzak inklusiboa izan behar du halabeharrez, bikaina izateko

2018ko abendua

Gaur egun, oinarrizko eskubideetan nabarmen egiten ari gara atzera, elkarbizitza eta tratu-berdintasuna sustatzen ez dituzten lege gero eta murriztzaileagoen ondorioz. Egoera horren aurrean, Harresiak Apurtuz koordinakundeak agerian utzi nahi ditu EAEra bakarrik heltzen diren gazte atzerritarrek euskal hezkuntza-sisteman sartzeko dituzten arazoak.

2018-2019 ikasturtean, hiru Foru Aldundiek urteko lehen seihilekoan emandako datuen arabera, 600 gazte baino gehiago geratu dira hezkuntza- eta prestakuntza-baliabide guztietatik kanpo. Koordinakundeak uste osoa du gazte horiek sistema barruan ez sartzeak, jarrera xenofoboak larriagotzeaz gain, eusteko zaila den gastu ekonomikoa eragiten duela, ekoizpen-sistemarako gaituta ez dauden gazteak eragiten dituelako, eta gure gizartearen kohesioari zuzenean eragiten diola. Gure iritziz, arlo hau jorratzean, irizpidea izan behar da hezkuntzak inklsiboa izan behar duela halabeharrez, bikaina izateko.

Aurrekari gakoak

Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko 8/2013 Lege Organikoak (LOMCE) ezarritako hezkuntza-sistema estatala dugu abiapuntu. Lege horretatik, 127/2014 Errege Dekretua eratorri zen, eta haren 5. kapituluak Oinarrizko Lanbide Prestakuntzaren alderdi zehatzak arautzen ditu. EDaren 18. artikuluaren arabera, alderdi hodiek xedatzeko, oinarritzat hartzen dira autonomia-erkidego bakoitzak bere lurraldearen barnean kudeatzen dituen ezaugarriak, tokiko berezitasunak errespetatuz eta gazteen alde eginez.

Egoera horretan ardaztuta, EAEra lagunduta heltzen ziren adingabeko atzerritar gehienei prestakuntza ematen zitzaien. Hala, gizarterako eta lanerako gaitzeaz gain, gazteak gizarteratzen ziren eta gazte horien bazterkeria arindu eta haien enplegagarritasuna hobetzen zuen gizarte bat eraikitzen zen.

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak 2018-2019 ikasturterako ezarritako zuzentarauek erabat aldatu dute egoera, Errege Dekretua interpretatzeko modua zorroztu delako. Orain arte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aplikatutako salbuespenari esker, gazte horiek sistemara sar zitezkeen; baina irizpideetan izandako aldaketaren ondorioz, salbuespen hori ezeztatu da. Hori horrela, ikasle izango direnek DBH bigarren edo hirugarren mailan eskolatuta egon behar dute, Oinarrizko Lanbide Heziketan sartu ahal izateko.

Jada azpimarratu dugun bezala, Harresiak Apurtuz koordinakundeak aitortu egiten ditu euskal hezkuntza-sistemak orain arte izandako lorpenak eta egindako ekarpenak. Izan ere, urte askoz, gazte horienganako arreta sustatu du eta haiek gizarteratzeko eta aurrera egiteko bide eta ibilbide egokiak proposatu ditu. Hala ere, koordinakundea osatzen duten hirurogei erakunde baino gehiagoek kaleetan hartutako eskarmentuak eta egunerokoan egindako lanak erakusten digute aldaketa horiek eta araua gogortzeak gazteak baztertzen dituela. Egoera are larriagoa da EAEko adingabekoen zentroen kasuan. Gazte kopuru handiak hartu behar dituzte eguneko 24 orduetan. Gazte horiek ez dute gizartean eta lan-munduan sartzeko gaituko dituen inolako prestakuntzarik jasotzen, eta horrek, era berean, zentroen barneko elkarbizitzan arazoak sortzeko aukera handitzen du.

Bakarrik datozen gazte atzerritarrak gizarteratzeko proposamenak

Horrenbestez, eta, Eusko Jaurlaritzak berak 2018-2020rako herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren eremuan jarduteko V. Planean eta Gizarte-bazterkeriaren kontrako eta euskal gizartearen elkarbizitzaren eta gizarte-babesaren aldeko ikasle etorkinentzako hezkuntza-arretarako II. Planean adierazten duen bezala, hezkuntza-sistemara sartzeko aukera mantendu eta hobetzeko asmoz, bi proposamen zehatz hauek egiten ditugu:

• Orain arte bezala bakarrik datozen gazte etorkinei Oinarrizko Lanbide Prestakuntzara sartzeko aukera ematea, otsailaren 28ko 127/2014 EDak ezarritako arauak errespetatuz (5. Kapitulua, 7. or.). Lege horren 18. artikuluak horretarako aukera ematen du, DBH 2. edo 3. maila egin ez dutenen eta 17 urte baino gehiago dituztenen kasuan ere. Ezinezkoa balitz, salbuespenez DBHn matrikulatzeko aukera ematea (15, 16 eta 17 urte dituztenen kasuan), gero Oinarrizko Lanbide Prestakuntzan matrikulatu ahal izateko.

• Espainiako Gobernuaren Hezkuntza Ministerioak Euskal Administrazioari idatziz gomendatzea bakarrik datozen gazte atzerritarrak Oinarrizko Lanbide Prestakuntzan matrikula ditzan. Hezkuntza Ministerioak hala interpretatuz gero, adieraztea adingabeko horiek Oinarrizko Lanbide Prestakuntzan matrikulatzeak ez duela 127/2014 ED urratzen eta haien enplegagarritasuna hobetuko lukeela.

Azkenik, Harresiak Apurtuz koordinakundeak aldarrikatzen du bakarrik datozen gazte atzerritarrek eskubidea dutela erabateko herritar izateko eta euskal hezkuntza-sistemara askatasunez sartzeko. Gure ustez, hezkuntza-sistemara sartzeak gazteei gizarteratzen lagunduko die, eta hezkuntzan eta prestakuntzan gaikuntza egokia lortzeak bizi-txosten egokia izaten lagunduko die. Horrek guztiak, era berean, gizarte-babeserako sistemaren laguntzak lortzea ahalbidetuko die: bizitegi-laguntzak, erroldatzea, pasaportea lortzea, egoiliar-baimena, laguntza ekonomikoak, lan-sisteman sartzea eta osasun-sisteman sartzea. Hezkuntza inklusiboa, hezkuntza bikaina.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *